Oinarriak

Donostiako Udaleko Hezkuntzaren eta Gizarte Sustapenaren Zerbitzuak 2017rako lehentasunezko helburu estrategiko gisa ezarritakoen artean jasotzen den eran, ezinbestekoa da Gazteria Sailaren eta gazteen arteko komunikazio eta harreman zubiak eraikitzea. Orain arte egindako lanaren balioa onartu eta etorkizun eraberritu eta eraldatzaileagoa sortu nahi dugu, Donostiar gazteak eroso eta ahaldunduta sentituko diren hiri bat.

Gazteen parte-hartzea eta berauen ekimenerako, sormenerako, autoenplegurako edota herrigintzarako proiektuak laguntzeko premia nabarmena da eta horietan eragin nahian ari gara; betiere, proiektuok hiriaren onurarako eta kolektiboaren probetxurako badira.

Aurrekoa aintzat harturik, deialdi ireki hau sortu da, Donostiar gazteen ideia, erronka eta proiektuak landu eta bultzada bat eman asmoz martxan jarriko dugun abentura honetan.

LEHENENGOA: HELBURUA

• Deialdi honen helburu nagusia Donostiako gazteak gure hiriko gizarte, kultura eta ekonomian, era aktiboan eta hiritar oso gisa eragitera eta ekitera bultzatzea da.

Hona hemen helburu zehatzak:

- Donostiako gazteen arteko eta Gazteria Sailarekiko harreman-sarea sendotu eta hiriko ekonomia, kultura eta gizarte eskaintza proiektu berritzaileekin aberastea.

- Etorkizunean baliagarriak izango diren harreman-sare eta esperientzia berriak bizitzeko baliabide izan.

BIGARRENA: PARTE HARTZAILEAK

a) Deialdian 18 urtetik 30 urtera (biak barne) bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Proiektuen zirriborroak aurkezteko fasean banaka aurkeztu daitezke pertsona fisiko bezala edo nortasun juridikorik gabeko taldeak bezala.

Norbanako bezala aurkezten direnak:
- Donostiarrak izan behar dute (Udalak bere kabuz egiaztatuko du).
- Proiektuen zirriborroak aurkezteko epea eta behin betiko proiektuen aurkezpen dataren artean, gutxienez 2 pertsonako eta gehienez ere 4ko taldea osatu beharko du, ideia osagarriak batuz edota kide berri bat taldera gonbidatuz (taldea osatzeko, antolakuntzaren laguntza jaso dezake behar izanez gero).

Talde bezala aurkezten direnak:
- Gutxienez 2 eta gehienez 4 pertsonez osatutako taldeak.
- Gutxienez taldekide batek izan beharko du donostiarra (udalak bere kabuz egiaztatuko du).

b) Norbanako/talde bakoitzak, gehienez, bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, euren artean desberdinak izanez gero.

c) Prozesuan parte hartuko duen gazte orok konpromiso edo atxikimendu irmoa adierazi beharko die gauzatuko diren dinamika, saio eta formakuntzei.

HIRUGARRENA: JARDUERA EREMUAK ETA PROIEKTU MOTAK

a) Jarduera eremua askea eta askotarikoa izango da, eta ez da esparru jakin batera mugatuko, betiere proiektu baztertzaileak eta diskriminatzaileak ez badira.

b) Proiektuek Donostia izango dute garapen-eremua, nahiz eta behin Donostian burutu ondoren, beste eskualdeetan ere garatu ahal izango diren.

c) Proiektuak Donostia hiriaren, herritarren edota kolektibo gaztearen onurarako izango dira; baztertuak geldituko dira, beraz, norberaren onurarako proiektuak, hala nola izaera pribatuko proiektuak.

Egin daitezkeen proiektuen artean daude, adibidez, antzerki eta dantza piezak, film laburrak, ekitaldiak antolatzea, hiriaren intereserako webguneen garapena, blogak, aisialdiko jarduerak, hezkuntza ez-formaleko ekintzak, euskararen erabilera sustatzeko proiektuak, dibulgazio proiektuak (hitzaldiak), elikadura jasangarria sustatzeko proiektuak, mugikortasunaren edo berdintasunaren arlokoak, aniztasuna sustatzen duten proiektuak, belaunaldien arteko harremana sustatzen dutenak, etab.

LAUGARRENA: AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

BOSGARRENA: ESKAERAK AURKEZTEKO TOKIA ETA EPEA

Proiektuak aurkezteko bi epe ezberdin zehaztu dira:

I) Proiektuaren zirriborroa, 2017ko ekainaren 14tik 30era bitartean (biak barne).
www.martxup.eus webgunearen bidez

II) Behin-betiko proiektuaren aurkezpena: 2017ko uztailaren 4tik 12ra (biak barne).

Non?
Udalinfoko erregistroetan, astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00 ordutegian, Udaletxeko Herritarren Arreta honako Bulegoetan:
- Udaletxea, Ijentea, 1. (baita arratsaldez ere 16:00-18:00 ordutegian).
- Morlans eraikina, Morlanseko biribilgunea, 1.
- Altzako bulegoa, San Martzial plaza, 4.

Nola?
Dokumentazio guztia euskarri elektronikoan, PDF formatua duten fitxategietan aurkeztuko da, eta guztira 10 Mb-ak gainditu gabe.

SEIGARRENA: PROZESUAREN FASEAK

MartxUP! prozesua lau fasetan banatzen da: deialdia, aukeraketa, garapena eta aurkezpena.

1.- Proiektuaren zirriborroaren aurkezpena
2017ko ekainaren 14tik 30era bitartean (biak barne) izango da. Fase honen helburua proiektuen zirriborroak jasotzea da.

2.- Parte hartzaileen arteko Topaketa
2017ko uztailaren 4an izango da. Behin jasotako proiektuak aztertuz gero, topaketa bat egingo da. Fase honen helburuak dira, proiektu bakoitza gainerako partaideei aurkeztea, proiektuei hobekuntza proposamenak egitea, bat datozen edo osagarriak izan litezkeen proiektuen artean sinergiak bilatzea hala nola, norbanako bezala aurkeztu diren horiek taldea osatzeko aukera izatea.

3.- Behin betiko proiektuen aurkezpena 2017ko uztailaren 4tik 12ra bitartean aurkeztu beharko da. Topaketa ondoren talde bakoitzak epea izango du proiektuan aldaketak egin eta berriro aurkezteko.

4.- Proiektuak aukeratzea
Aukeraketa fasea uztailaren 12tik 21era izango da, eta egun horretan bertan jakinaraziko dira zeintzuk izan diren aukeratuak.

5.- Garapen fasea
Garapen fasea prozesuaren fase garrantzitsuena da; izan ere, proiektu bakoitzaren zehazte eta lanketa sakonago bat egin eta proiektu-kideek proiektuaren erronken araberako formazioa jasoko dute, proiektua berauek aurrera eraman ahal izateko. Proiektuen garapena eta prototipoak berariazko ikuskapen teknikopean sortuko dira garapen fasea.n Fase hau 4 azpi pausoetan banatzen da (2 orduko 8 saiotan burutuko dira): analisia, ideiagintza, prototipoa eta ebaluazioa izango dira.

Proiektuen garapena talde eta proiektu bakoitzari dagokion beharretara moldatuko da.

Fase honen helburu nagusia proiektuak zehaztu, akzio plan bat burutu eta saretze prozesua hastea da, proiektua abian jarriz.

Garapen fasea irailaren lehenengo hamabostalditik azaroaren lehen hamabostaldira izango da. Aldi hori amaitu ondoren, aurkezpen aldia izango da.

Azkenik, definitutako proiektuek Udalaren laguntza jaso ahal izango dute honek diseinatzen eta onartzen dituen mekanismoen arabera, behin betiko proiektuen eta Udalaren gaitasun ekonomikoaren arabera.

6.- Aurkezpena
Aurkezpen fase honetan, bi hilabetez garatu eta landutako proiektuak aurkezteko unea izango da. Azken fase hau azaroaren amaieran izango da.

ZAZPIGARRENA: PROIEKTUAK AUKERATZEA ETA BALORAZIO IRIZPIDEAK

a) Epaimahaiaren osaketa:
Proiektuen hautaketa Donostiako Gazteria Saileko teknikariek eta Asociación Estudiantil Loadinn -eko kideek, prozesu honen dinamizatzaileak alegia, egingo dute.

Prozesu amaierako aurkezpenen balorazioan berriz (6. fasea), aurretik aipatutako kideak mantendu eta Udaleko interesguneen araberako beste teknikariren bat gehituko zaie. Honez gain, epaimahaiak kontuan hartuko ditu prozesuan zehar parte hartuko duten bisitari eta adituen iritziak ere.

b) Balorazio irizpideak

1. Proiektuaren bideragarritasuna (40 puntu).
Giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta azpiegitura baliabideak kontuan hartuko dira.

• 20 puntu: bideragarritasun ekonomikoa. Proiektuaren helburuaren eta aurkezturiko aurrekontuaren arteko oreka baloratuko da.
• 10 puntu: taldekideen ibilbidea, esperientzia eta profila (osaketa).
• 10 puntu: azpiegitura baliabideak. Proiektua garatzeko behar diren azpiegiturak eta baliabide materialak eskuratzeko probabilitate erreala baloratuko da eta proiektuarekiko elkarlan, aurrerapen edo saretzerik eman den.

2. Originaltasuna eta berrikuntza (40 puntu).
Proiektu berritzailea izatea baloratuko da, bai edukiari zein metodologiari dagokionez.

• 20 puntu: gaiaren originaltasuna.
• 20puntu: lan-metodologiaren originaltasuna.

3. Proiektuaren zehaztapen maila (20 puntu).
Proiektua ondo formulatua, argia eta zehatza izatea.
• 10 puntu: helburuen zehaztapen maila.
• 10puntu:lan-prozesuaren zehaztapen maila.

ZORTZIGARRENA: BESTELAKOAK

MartxUP! proiektuan parte hartzeak oinarriak onartzea ekartzen du. Antolatzaileek beharren arabera edozein aldaketa egiteko ahalmena izango dute, baita deialdi honetan jasotzen ez den edozein gairi buruzkoa ere. Halere, hartutako erabakiak onartu egin beharko dira.